Euskaraldian saskibaloia euskaraz Kirikiñon!

Asteburu honetan bi partida bizi izan  ziren kirikiñon, eta emaitza ezberdinak izan ziren arren, talde biek oso ondo jolastu baitzuten.

Hasteko, txikien txanda izan zen eta euren lehen garaipena lortu zuten txapeldunek! Dagoeneko nabari da partiduen dinamikara ohitzen hasi direla, eta elkarren artean gehiago jolasten dutela.

Hainbat jokalarik sartu zituzten saskiratzeak, baina orokorrean denak aritu ziren ondo, bakoitzak bere erasotzailea defendatzen, talde moduan jokatzen eta batez ere elkar animatzen!

Neska mutilen motibazioa oso nabaria da, eta lehiaketari betiere garrantzia kendu behar zaion  arren, oso polita da umeak saskibaloiaz hainbeste gozatzen ikustea!

Nagusiek jarraian jokatu zuten Cervantes taldearen aurka, eta garaipena ezin arren, partidu ona jokatu zuten gure neskek. Hasiera nahiko berdindua izan zen, baina 5. zatian abantaila nahiko zabala lortu zuten kanpokoek, partidua erdi erabakita utziz.

Hala ere, partidua orokorrean oso berdindua izan zen eta etxekoek jokaldi onak egin zituzten, defentsan ere hobekuntza nabariekin (bakoitzak berea hartuz, laguntzak eginez, goitik defendatuz…).

Jolasten aritu ez zirenak ere topera ibili ziren animatzen, eta hau beti bezala azpimarratu beharra dago.

Beste alde batetik, asteburu honetan euskaraldia ospatu dela esan beharra dago, beraz aipamen txiki bat egin beharko diogu. Saskibaloian ere, eta beste kirol guztietan euskaraz egin daitekeelako 365 egunez!

Aupa Kirikiño