2012. Urtea atzean utzita, indarrez hasteko momentua da urte berri hau, aurreko norabide ona jarraituz.

Duela bi aste azkenengo 2 partidu «ez-ofizialak» jolastu genituen, gabonak hasten ziren momentuan, baina ez pentsa saskibaloiaren arrastorik ez zela egongo denbora honetan…

Hain zuzen ere Bilbao Basket-ek antolatzen duen Saskibaloi kampusa izan dugu gure artean, beste gabon, uda eta aste santuetan gertatzen den bezala.

Urteak dira opor tarte guztietan saskibaloiko kampusa burutzen dela, beti emaitza bikanarekin, gauzak oso ondo egiten direlako.

La salle (Bilbo), Paules(Barakaldo), Escolapios (bilbo) eta «Deportivo» kiroldegian izan ditugu.

Gabon hauek bereziak izan dira, izan ere, Atxuriko neska-mutil batzuk izan ditugulako gure artean.

La Sallen burutu dute Bilbao Basket-eko kampusa eta nola ez, primeran pasatu dute hainbat ekintza eginez, saskibaloia erreferentziaz hartuta.

Ikustekoa da adin ezberdinetako neska eta mutilen arteko giro eta harreman ona.

Goizak gehien gustatzen zaien kirolarekin aritu dira buru belarri, luzeagoa izateko nahiarekin.

Aste Santuan berriro kampusa izango dugu urtero bezala eta aukera izango dute berriro egun berezi eta interesgarriak haien lagunen artean pasatzeko.

Gabonak alde batera utzita, jarraitu beharra dago aurretik egindako lanarekin.

Saskibaloi eskolako txikiak gabonetako partiduan erakutsi zituzten gogoak, ausardia eta bizitasuna oinarriz hartuta ekingo diote hurrengo astearteari.

Irrikan egongo dira seguraski Solokoetxera berriro etortzeko eta ordu bikaina haien ikaskideen artean pasatzeko.

Nagusiak, beraien partetik, beste asteburu bat dute haien aurrean. Beste aukera bat lehiaketara ohitzeko.

Gabonetako partidu «ez-ofizialak» utzitako sentsazioak indar gehiago emango die hurrengo partiduetarako.

Bidea egiten jarraitzeko aukera dugu berriz ere… Urte honek opari politak ekarri gaitzala! JO-TA-KE!