Emozioz beteriko partida ikusgarria ikusi ahal izan genuen larunbatean Leioako Betiko Ikastolako instalakuntzetan, etxekoen eta gure San Pedro taldearen artean. Ikuskizun polita eskaini ziguten bi taldeek, eta asteburuko eguraldi txarra pixka bat ahaztea lortu genuen partidari esker.

Betiko moduan, gure neska-mutilek energia handiarekin hasi zuten norgehiagoka, baloi asko lapurtuz eta saskiratze errazak lortuz. Gainera, lehenengo zati honetan, azkenengo asteetan zehar entrenatzen eta praktikatzen egon diren jokoa egiten saiatu ziren, talde moduan era koordinatuago batean jokatuz. Bigarren zatian, ordea, jokalariak nahiko hotz irten ziren, eta lehenengo 8 minutuetan erakutsitako energia eta talde-jokoa guztiz desagertu ziren. Hirugarren zatian Betiko ikastolak gogor jarraitu zuen, atsedenaldira heldu arte talde bien arteko saskiratze trukea ikusi zelarik.

Bigarren 24 minutuak hasi baino lehen, gure neska-mutilak hobeto jokatzeko zer egin behar zuten konturatu ziren, eta hemendik aurrera pazientzia handiarekin eta defentsa gogortuz partida aurrera eramateko gai izan ziren, guztia beti erakusten duten esfortzuan oinarrituz, jakina.

Partidako alderdi positiboena, lehenengo zati ikusgarriaz aparte, SPA-ko jokalariak bigarren eta hirugarren zatian txarto egindakoaz ohartu eta jokoa hobetzeko eginbeharrekoez konturatu zirela izan zen, hau bigarren tartean bete zutelarik.

Gainera, denboraldi hasierako jokoarekin konparatuz hobekuntza nabariak aipa genitzake neska-mutilei buruz, baina garrantzitsuena, talde moduan eta pazientzia gehiagorekin jokatzen hasi direla da, hau beti egiten ez duten arren.

Bukatzeko, lortutako garaipen zaila goraipatu behar da ere, Betiko Ikastola ligako aurkaririk gogorrenetarikoa baita. Ea San Pedroko-ek denboraldi amaierara arte horrela jokatzen eta hobetzen jarraitzen duten!!

Aupa SPA!!!