Urri osoa entrenatzen egon ostean partidu ofizialekin hasteko garaia heldu da, eta asteburu honetan Miribillara hurbildu behar izan gara Urretxindorraren aurka jokatzeko. Aurreko urtean jokatu zuten jokalarientzat partiduen dinamikan berriro sartzeko, eta taldean apuntatu diren neska berrientzat (Sara eta Leire) lehiatzea zer den jakiteko balio izan digu partiduak batez ere.

Emaitza ez da onena izan baina lehen urtekoak izanik ez gara gehiegi kezkatu behar. Betiko moduan eskola kiroleko helburua parte hartzea, laguntasuna, talde espiritua eta kirolara bera sustatzea da, emaitza bigarren (edo hirugarren) maila batean utziz.

Gainera neskek lan handia egin dute, urte bat zaharragoa den talde baten aurka jokatu baitute, ligan zehar askotan gertatuko den moduan, baina horrek ez gaitu etengo! Saskiratze bakoitza poz handiarekin ospatu dugu, aulkitik ere une oro animatuz (hau oso garrantzitsua da).

Ikasturtea hasi besterik ez da egin eta oraindik gauza asko ditugu lantzeko. Urte amaieran taldeak beste maila bat erakutsiko duela argi daukagu, betiere eskola kirolaren helburuak ahaztu gabe jakina!

Aupa Kirikiño!!